Zelan ikusten duzu eskualdearen gaur egungo egoera?
Ikusten dut eskualdea, orokorrean, gabezia askorekin, batez ere lanari lotuta, nekazaritzari eta ekologiari dagokienez. Goizero ehunka dira hemendik ateratzen diren kotxeak beste eskualde batzuetara lan egitera.
Infraestruktura aldetik, kristoren kolak egoten dira, eta ez da gehiago behar —ez da behar beste azpiegitura gehiago—, behar dana da kotxe gitxiago joan behar izatea. Kriston kolak egoten die, sortzen daben kutsadura guztiarekin, frustrazioarekin, herri txikietan batez ere galtzen den bizimodu horrekin.
Ekologia mailan, ikusten dut landatzen direla pinuak asko eta asko. Orain moratoria dago eukaliptoena, eta espero dezagun jarraitu dezala. Nekazaritzari dagokionez, gero eta gitxiago dago, eta gero eta nagusiagoak dira. Tendentzia horrekin jarraitzen badugu, urte batzuk barru oraindik gitxiago egongo dira eta are nagusiagoak izango dira.
Zer erronka identifikatzen dituzu gaur egun eskualde mailan?
Kultura, euskara... Uste dut funtsezkoa dala lana eskualdean egotea, eskualdeko jendeak bertan bizi ahal izateko, eta herrietan bizitza egin dadin. Joan gara modelo batera non jentea kotxez joaten dan bere herritik eskualdetik kanpora lan egitera, eta bueltatzen danean etxera doia zuzenean. Eta herrietako bizi guztia —kulturala, poteoa, harremanak— dana galtzen da.
Zer aukera uste duzu ari direla aprobetxatzen orain, edozein esparrutan?
Nekazaritzan, basogintza modelo bat dago, monokultiboetan oinarritua, jarraitzen duena inertzia horrekin. Eta monokultibo horiek balio gutxiko produktuetan oinarrituta daude, batez ere pinua eta eukaliptoa. Ez da egiten balio handiagoko egurren ekoizpena. Beti esaten da zuhaitz horiek asko tardatzen dutela... Bai, baina hasten zaren momentutik. Hemen hasten bagara orain, urte batzuk barru egongo dira. Baina hogei urte barru hasten bagara, hogei urte beranduago egongo dira.
Eskualde honek ditu lan egiteko lur onak. Eta eskualdean bertan dago milioi bat pertsona egunero jaten dutenak. Eta guk ekoizten duguna heltzen da ematera zero koma zerbait. Hor dago aukera lan pila bat sortzeko, nekazaritza mailan eta nekazaritzaren inguruko beste lan guztietan: transformazioa, kontserbak, marmeladak, bosgarren gama, zerbitzu osagarriak, makinaria... Mundu bat mugitzen da hor inguruan ere.
Horrek suposatzen du herri txikietan bizi gehiago egotea eta natura gehiago zaintzea, beti ikuspegi ekologikotik, naturarekin lan eginda. Bi eremu horietan ikusten dut aukera aberastasuna eta lana sortzeko. Eta merkatua badago, egunero jaten dugu.
Zelan ikusten duzu hartzen direla erabakiak instituzionalki? Eta zelan komunikatzen dira herritarrei?
Entzuketa prozesuan konpromisoz egon behar da, benetan pentsatzen dudalako nonor entzungo dabela. Askotan proiektuak egoten dira idatzita edo erabakita, eta entzute hori ez badago lotuta kasu egitearekin, nik uste dut nahiko faltsua dala. Adibide asko ditugu. Udaletxera eraman dira iniziatibak sinadurekin eta abandono totala egon da. Kasu gehienetan nik uste dut egiten direla espedienteak betetzeko. Gero, beste batzuetan, beharbada, egiten dira borondate onarekin, baina ez da jakiten gero kudeatzen. Baina entzuketa edo parte-hartze prozesuak gitxitan izaten dira benetakoak.
Testuinguru honetan, zelan ikusten duzu Guggenheim museoaren anpliaziorako proiektua?
Guggenheim proiektua planteatzean, orain arte publikoki esan dana da 150.000 pertsona etorriko dirala. Ez dau jende horri jatekorik emateko. Orain dela bi urte ez zegoen urik.
Eta gero, justu da Biosferaren erdian. Leku hobeak egongo dira Bizkaian edo Euskal Herrian. Holako proiektuek lan prekarizatuak sortzen dabez, eta planteatzen da museo bat udarako izango dena. Udan leporaino beteta egoten da: hotel asko beteta daude... Jende horrek non hartuko dau ostatu? Non aparkatuko dau? Non egingo dau lo?
Nahi izango bagendu eukitzea ere, nik partikularki ez diot ikusten ez hanka ez bururik proiektuari, ez ekonomikoki, ez beste aldetatik. Oso polita da esatea mundu guztiak garraio publikoan edo oinez mugitzea, baina badakigu hori ez dela gaur egungo gizartean errealitatea. Ez gara horrela mugitzen. Gaur egun, uztailean eta abuztuan, Mundakara edo Lekittora doian jente askok buelta ematen dau ez duelako aparkalekurik lortzen.
Pentsatu nahi dut norbait Urdaibaira badator Guggenheima ikustera, asmoa ez dela izango ikusi eta alde egitea. Ze hori bada asmoa, hemen ez du utziko inongo aberastasunik. Orduan, zer izango da? Museo dormitorio? Ez dago kapazitaterik hori aurrera eramateko. Eta asmorik ere ez.
Zer egingo dugu, 150.000 pertsonarentzat bost hotel handi montatu Urdaibain? Suposatzen duzun guztiarekin: pisuen garestitzea, gazteek pisuak ezin alokatu edo erosi, etxebizitza arazo gehiago, eskualdetik joan behar izatea edo gurasoekin bizitzen jarraitzea... Nik uste dut ez dela tokia eta ez direla ematen baldintzak proiektu bat hemen ipintzeko.
Aparte, ez diot logikarik ikusten harrokeria horri: munduan bakarrak izango gara bi Guggenheim edukiko ditugunak 20 kilometrotan. Uste dut beste gauza asko egin daitezkeela.