Zein da eskualdearen gaur egungo egoera?
Gero eta aukera gitxiago dau hemen lan egiteko eta bizitzeko, eta ez dot ikusten joera bat horri buelta emongo deutsonik. Hori da kezkatzen nauena. Gernikan eta inguruan zeuden fabrikak edo industriak itxi egin dira, eta geratzen ari jakuna da zerbitzuei begirako sektorea. Hori da indartzen ari dana. Baina, zer nolako lanpostuak dira horiek? Zer nolako lanak eskaintzen dira? Nik uste dot egoera kezkagarria dala.
Ikusten dot be biztanlegoa gero eta zaharragoa dala, gazteek ez dekiela hemen etorkizun bat eraikitzeko aukera haundirik. Etxebizitzen prezioa da eskandalagarria. Dagoen eskaintza ere oso murritza da eta dana da pribatua. Udalak edo Etxebidek ateratako etxebizitzak beteta dagoz, baina eskaintza oso murritza da, eta pribatutik datorren eskaintza gehiena turismoari begira dago. Hori da sustatzen ari dana.
Eta jendeak bere etxebizitzagaz egin gura dauena da negozioa. Orduan, prezioak izugarri ari dira igoten. Edozein gaztek edo hemen bere bizitza-proiektua kokatu nahi dauen edozein langilek ezin dau gaur egun etxebizitza bat alokatu edo erosi, eta eguneroko gastuei aurre egin.
Lehen be aipatu dot: biztanleria zahartzen ari da, eta jende nagusi kopuru handia daukagu. Emigrazioaren eskulanaren beharra handia da, eta hemen be nahiko nabaria da. Batez ere, Hego Ameriketako emakume asko dabilza zaintza lanetan. Asko paperik barik, eskubiderik barik, eta ia esklabutzan bizi eta lan baldintzetan daudenak.
Bermeo eta Gernika dira herri nagusienak, jende eta baliabide gehien biltzen dituzten herriak. Eta Bilbo ostean, Bermeo da turismorako etxebizitza gehien dituen herria. Gernika be bide horretan dabil. Badira sasoi batzuk non ezin dozu bizitza normala egin, turistaz beteta dago. Turismoak baldintzatzen dau dana. Batzuetan euskara be ez dozu entzuten. Kezkagarria benetan.
Prezioen igoera nabaria da leku guztietan: tabernetan, turismoari begirako eskaintzan… Gero eta denda txiki gehiago ixten dabil. Komertzioaren aldetik, gauza batzuk ia desagertu egin dira, eta joan behar zara beste herri batera, Zornotzara edo Bilbora, behar dozuna topatzeko.
Eskualdean zein erronka identifikatzen dituzu orain?
Etxebizitza, zaintzarako sistema publiko bat, kalitatezko lana, eta beste industria edo sektore mota batzuk sartzea eta sustatzea eskualdean.
Identifikatu dozu azkenengo urteetan interesgarria iruditu jatzun ekintza, planteamendu, iniziatiba edo prozesurik?
Sozialki, ikusten dot interesgarriak izan dirala herri mugimenduetatik datozen iniziatibak. Adibidez, Guggenheim Urdaibairi ezetz esateko egon dan mobilizazio herritarra, eta egiten dabilzan ekimen guztiak. Baita sindikatuetatik, pentsionisten mugimendutik edo mugimendu feministatik datozenak be, zaintza-sistema publikoari begira, herrietan daukagun beharrei erreparatu eta irtenbideak topatzeko.
Kultur aldetik, Astra bezalako eragileek euskal kultura sustatzen dabe. Udalek, noizean behin, pintzelada batzuk emoten dabez: kontzertu bat ekarri, euskara sustatzeko ekimen bat egin… Baina gero kalean ikusten da euskararen erabilera gero eta gitxiagokoa dala.
Kalitatezko enplegua erakartzeko edo daukagun zaintza arazoari aurre egiteko, ez dot ikusten iniziatibarik instituzioen aldetik. Behartuta ari dira gauza batzuk egiten, Udaletik hasita Eusko Jaurlaritzaraino.
Etxebizitzaren arazoagaz ez dabe jokatzen behar litzatekeen ausardia eta arduragaz, eta hemen benetan arazo potoloa daukagu. Nik gura dot gure seme-alabak hemen hasi eta hemen geratzea, ez ihes egin behar izatea beste herrialde edo herri batera. Eta ez dot ikusten benetan erronka horiei erantzungo deutsen politika publiko sendo eta koherenterik.
Ikusten dozu aprobetxatzen ez diren aukerak gaur egun?
Bai. Instituzioen aldetik, herria prest daukazunean halako erronkei aurre egiteko eta entzungor egiten deutsazunean, hori aukera galdua da. Bakoitzak izango dau bere ikuspuntua, baina gobernantza denon artean ulertzen badogu —nahiz eta arduradun politikoak egon—, nire ustez badagoz erronka batzuk instituzioen gainetik doazenak. Gobernantza eredu barriak martxan jarri behar dira eta herritarrak entzun, eta esaten dabeena praktikan jarri. Entzutea gero kontrakoa egiteko, ez jat iruditzen zilegia danik.
Zelan ikusten dozu hartzen direla erabakiak instituzionalki eskualde mailan?
Erabat bertikalak dira harremanak, eta boterea goitik behera transmititzen edo inposatzen da. Ez daukagu erabakitzeko ahalmenik.
Esaten dabe hemen jarriko dabela holako museo bat, edo egingo dabela ez dakit ze proiektu, kontuan hartu barik herritarron egoera edo iritzia, ezta egoera ekologiko edo ekonomikoa be. Erabakitzen dabe hori, eta egiten dabe.
Eskualdea desmantelatu dabe, eta langileei edo herritarrei ez deutsie entzun. Horregatik parte hartzen dot be honetan. Entzun gura badabie, entzun deizela zer esateko daukagun. Gero ikusiko dogu zer egingo daben horregaz.