content

Zelan esango zenuke dagoela eskualdea?


Badakit erronka sozio-ekonomiko batzuk izan dituela, enpresa traktore fuerteren baten falta egon dela. Eta gero, Biosferaren erreserba izateak markatu du maila batean. Baina eskualdea ikusten dut eskualde euskaldun moduan, bizia eta nortasun propioa baduena; hasi Bermeon eta Muxikaraino.


Zer uste duzu Guggenheim museoaren hedapen proiektuaren inguruan? Ez dakit ikusi dituzun azken orduetan atera diren berriak.


Nik museoa, eta aipatu gabe museoaren marka, nik bai ikusten dut historikoki Gernikak, den herria izateagatik, eta munduan proiektatu den moduan, Gernikak eta Picassok bai ikusten nuela behar zutela  aitortza handiago bat eskualde horretan; esperientzia bat museistikoa izan daitekeena. Badago Euskal Herria museoa, badago Bakearen museoa, baina artea eta Gernika lotzeko espazio baten falta ikusten nuen. Duela 50 urtetik eskatu da Gernika Gernikara. Baina nik ikusten nuen aukera bat ere Reina Sofiatik Bilboko Guggenheimera edo Bilboko Arte Ederretara ere ekarri zitekeela Picassoren lana. Eta zalantza hori eta kezka hori eduki dut beti. Baina gero, egia esan, esplikatu zidatenean eta ikusi nuenean in situ, ba museorako planteatzen ziren bilguneak, bai Daliarena eta bai Muruetarena.  Bai ikusten nuen pixka bat handikeria baten moduan eta apur bat tokiz kanpokoa. Baina betiere zalantza honekin: Gernika eta artea nola lotu. Ba ederra izango litzatekeela ekarpen bezala, espazio bat bizia eta dinamikoa. Ondo legokeela marka eta jabetza eta logika horretatik kanpo. 


Baina badakit ere halako denominazio bat eta horrelako morrontza bat ekonomikoa, ba Guggenheim bezalako marka batekin, ba horrek sortzen dituela zalantzak. Eta, gero, kokapenak ezagutu ahala sortu dizkit zalantzak. Eta uda honetan gutxienez zortzi aldiz ibili naiz paduretatik norabide ezberdinetan, eta sekulako museoa da Urdaibai bera.


Eta Euskal Herriko beste txokoren baten egingo balitz?


Hemen daude bi ertz, bata museoari dagokiona, eta bestea da ingurugiro-kalteak edo ondorioak. Museo bat egitearen kontra, ni ez nago. Museoak egin behar dira, kontua da non egiten den, nola egiten den eta zertarako egiten den. Eta nik uste dut Guggenheim bi ahoko ezpata bat dela. Batetik, Bilbo eta Bilbo inguruan traktore bezala funtzionatu du, sekulako dirutza inbertituz. Guggenheim efektuaren barruan egiten da irakurketa guzti hori, baina museo hori ez da gurea. Gureak dira Euskal Museoa edo Museo Sakroa edo Bilboko Museoa. Jabetzak dira edo gotzaitegiarenak edo instituzio publikoen. Eta Guggenheimi aitortu behar zaio eduki duela traktore funtzio bat, baina prezio batekin. Hor egin diren inbertsioak eta Bilbo eraldatzeko egin duen inbertsio guztia ere kontabilizatzen da efektu horren baitan, ez? 


Ni arte garaikidea ekartzearen kontra ez nago. Uste dut behar dela. Baina ikusi behar da zer, nola eta zertarako. Ez da museoaren alde zeuden ala museoaren kontra. Ni museoen alde banago, eta kultur etxeen alde eta kiroldegien alde, eta eskola publikoen eta ospitaleen alde, zerbitzuak diren heinean. Bestea da nola. Eta zertarako. Eta kasu honetan frankizia batetaz ari garenez, da jabetza kontua ere bai. Eta nik kasu honetan uste dut politika publikoek joan behar dutela eraikin publikoak eta jarduera publikoa sustatzea. Funtzio publiko batekin eta zerbitzu bat eman herritarrei, kasu honetan kulturala dena. Baina sustraituta egon behar du ere bai. Erakusten den obra, erakusten den modua eta dibulgazioa. Eta guzti hori.


Eta zure ustez, proiektu hau aurrera eraman izan balitz, nork uste duzu irabaziko zukeela edo galduko zukeela?


Irabaziko luke, adibidez, hor terrenoekin espekulatzen ibili direnak. Irabaziko luke, adibidez, Muruetako Astilleroak, ze historikoki eta paperek esaten dutenez, kontzesio bat izan zen estatuarena, eta epemuga bat zeukan. Gero, turismoa zer bilakatzen ari den eta atraktibo turistiko bezala, Urdaibain kokatuta, ikusi dugu zer jokamoldeak diren; izarreko edo halako jatetxeak muntatzen hasi dira batzuk. Turismoak baditu arrisku batzuk; batzuetan lanpostuak debaluatzen ditu. Soldatak hutsaren hurrengoak dira sarritan. Eta konpetentziaren izenean, ba astakeri ekonomikoak ere egiten dira. Orduan, museo batek erakarri dezake jende asko Busturialdea bezalako bailara batera, baina horrek ez du esan nahi Busturialdeko jendea hobeto biziko denik horretarako. Eta adibide oso-oso argia daukagu eta ni azken urteetan ikaratu naiz Mundakako kasuaz. Mundakan zenbat VT dauden legalak eta gero sartzen bazara Airbnb bezalako webguneetan zenbat etxe dauden. Mundakan ezin da urte osoan bizi gazte bat. Aste batean gehiago ateratzen dutelako, urte osoan gazte bati pisua alokatuta baino, ez? 


Baina orain beste eszenario batean gaude. Orain, nire ustez, galdera da bestea. Egin naizen inbertsio hori nola egiten den eskualderako. Erronkak jarraitzen dute hor, eta erronka horiei heldu behar diegu mundu guztiak. Museoaren alde zeudenak eta museo horren alde ez zeudenak ere, denek heldu beharko liokete horri.


Eta zure ustez, maila honetako erabakiak nola hartu beharko liratezke?


Hau oso gai potoloa da eta egia da ez gaudela ohituta, ez zaigulako galdetzen. Argi dago erabakiak hartzeko sistema bat badagoela eta demokrazia deitzen zaio. Herrietako hauteskundeak daude, Legebiltzarrekoak, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak. Baina egia da erabaki asko batzuetan herritarren iritziarekin bat etorri gabe egiten direla. Eta hor formulatu behar da beste modu batera. Eta momentuz ez gabiltza asmatzen formulazioak; ez dira erreferendumak egiten, legeak atzera botatzen dira ia-ia dekretuz. Nahiz eta badauden formulak parte-hartzea bultzatzeko, baina gero parte-hartze hori ez da bermatzen. Nik uste dut ariketa honetan ere inportantea dela hori: entzuketa egin den bezala, ohitzea jendea  erabakiak hartzera. Erabakiak hartzea berez zaila da, erronka bat da, ardura bat. Eta askotan jendeak ez du erabakirik hartu nahi. Parte hartzen du lau urtean behin bozketan, eta uste du horrekin ja ari dela erabakitzen. Baina gero egunerokoan daude erabaki asko. Eta hor badaukagu guztiok, agintzen dutenek eta aginduak garenok, guztiok daukagu zeregina. Eta nik uste dut prozesu honetatik atera behar den ondorioetako bat hori dela. Erabakitze ahalmenean eta gauzak egiteko ahalmenean sakondu behar dela. Eta orain ere ez da esan behar batzuk irabazi dutela edo besteak galdu, baizik eta guztiok galdu dugu pixka bat. Eta Urdaibaik ere uste du zerbait irabazi duela, baina, hala ere, Urdaibaik erronkak baditu.


Eta behin proiektua geldiarazita, zure ustez, hemendik aurrera zer egin beharko litzateke?


Nire ustez ekuazio honetan daude X, Y eta Z. X da museo bat, Y da eskualde honen egoera sozio-ekonomikoa, eta Z da ingurugiroa. Eta ekuazio horretan X kendu da, baina Y eta Z hor daude. Orduan, pentsatu behar dena da sozio-ekonomikoki eskualde horrek aurrera egin dezan zer behar den, eta ingurua errespetatuta eta ingurugiro hori, edo Biosfera Erreserba batek ematen dituen baliabideetatik zer egin daitekeen ere herri guzti horietan. Igual ez da izan behar turismoa edo beste modu batera, edo surfari eman behar zaio buelta bat, edo txakolinari edo beste gauza batzuri. Baina ez X inkognita kendu delako, uzten ditugu albo batera gainontzekoak. Ekuazioak oraindik jarraitzen duela eta askatzeko  formulak topatu behar direla.


Zerbait gehitu nahi duzu?


Gustatuko litzaidake egiten duzuen txostenak irakurri ahal izatea, ez bakarrik emaitza edo letra lodiena, baizik eta aztertu ahal izatea zer beste iritzi egon diren edo dauden.