Zer ari da gertatzen gaur egun eskualdean?
Neure gaztetasunetik esan dezaket ikusten dudana dela eskualdean lan falta dagoela eta etxebizitzarekin arazo larria dagoela. Gazte gehienok kanpora joan behar dugu lanera. Ezagutzen dut Beasainen CAFen lan egiten duenik ere. Zornotzako poligonoan lana egiten dutenak, asko eta asko Bilbo ingurura joaten gara... Eta bueno, horrela gabiltza, eta zorte handiena dutenak, herrian, Bermeon edo Lekeition edo inguruan egiten dute beharra. Eta gero etxebizitzarenak ez dauka adjektiborik ere. Idealistan sartzen baldin bazara, etxerik kutreenek ere hirurehun mila euro inguru balio dute. Berrehun eta hirurogei mila euroan dago oraintxe etxe zahar-zahar bat. Horri tasak eta notariotzako kontuak gehituta, hirurehun mila euroan geratzen zaizu eta gero ja obra egin behar diozu. Eta etxebizitza berriak egiten direnak, oso garestiak. Hortxe dago arazoa.
Zein den erronkarik garrantzitsuena?
Gazteon artean etxebizitzarena da arazo handiena. Nik uste dut jada barneratuta daukagula beharrera joateko eskualdetik kanpora edo herritik kanpora joan beharko dugula. Baina etxebizitzarena kontu larria da, bai.
Guggenheim Museoaren hedapenaren inguruan, ikusi dituzu azken berriak?
Albisteetan esan da behin betiko geratzen dela proiektua. Baina tira, eszeptikoa edo ez dakit nola esan. 2027an hauteskundeak datoz berriro. Ez dakit horra begirako mugimendu estrategiko bat izan den: "Benga, bakean utziko dugu hau eta ea botoak berriro pilatzen ditugun". Ze PNVk galera handia izan zuen eskualde honetan aurreko hauteskundeetan. Orduan mesfidati nago horrekin eta ez ote diren itzuliko 2027 edo 2029an, ez zait inporta, ba berdin zait Ereinoko kanteratan Guggenheim ipini nahi dutela esanez. Muruetan ez baldin bada, beste nonbaiten.
Ze motibazio daude erabaki honen atzean?
Jakinekoa da proiektua legala ez dela. Lagako tabernak teilaturik ere ezin badu egin Kosten legea dela eta. Zergatik egin liteke makroproiektu bat paduretan, legeak gobernarien nahierara aldatuta? Ilegala dela badakigu. Gero egin nahi zuten ez dakit zenbat kilometroko ibilbide hori ere bai Biosfera Erreserbaren erditik. Bueno, kutsadura akustikoa ekarriko luke horrek, zainduta dagoen toki bat da, hona txori asko etortzen dira emigratzera... Eta hori guztia ere gainetik pasa nahi izan dute. Gero, lurrak eta garbitzearena-eta. Nor egin behar da horren kargu? Astilleroei kontzesioa egin zitzaienean, argi eta garbi esaten zuen enpresa berak egin behar zuela garbiketa hori. Orain zergatik ordaindu behar dugu herritarrok? Astilleroek egin behar dutena da lur horiek lehen aurkitu zituzten bezala utzi. Eta ez orain Elixabete Etxanobe, Errementeria, Jose Luis Bilbao eta abarrei sudur puntan jarri zaielako, denon dirutik ordaindu.
Eta behin gelditu dela proiektua, zure ustez, hemendik aurrera zer egin beharko litzateke?
Busturialdeko sarbideak ez dira errazak. Autzagane dago alderdi batetik eta bestetik Sollube dago. Orduan ez dira sarrerarik errazenak. Bideak hobetu beharko liratekeela? Bai. Nola? Ez dakit. Ni ez naiz horretan sartuko. Autzaganeko tunela egin zen eta apur bat errazten da, baina Autzaganeko tramotxo hori baino ez da errazten. Hortik eta Gernikara arteko bidea kanpotik datozenentzat oso luzea da. Nik erraz egiten dut, baina kanpotik datozenentzat, Gernika lekutan dagoela esaten dute. Ba bueno, niretzat ez. Eta Sollubetik ez naiz horrenbeste ibiltzen, baina Sollubeko bidea ere... Tunela ez dakit egin duten edo egiteko diren, baina Sollube ere bide negargarria da. Hori hobetuko balitz, ni seguru nago Muxikan egin nahi duten poligono horretara enpresa gehiago etorriko liratekeela. Eta ekonomia mugitzen hasiko litzatekeela. Eta jendeak berton lan egiteko aukera izango lukeela. Inama ere itxi zen, eta, bueno, hor kutsadurarekin-eta zeuden arazo handiak. Eta enpresari hobeto irteten zitzaion filtro berriak jartzea baino, jendea kaleratzea eta birkokatzea Galizian, edo ez dakit non. Gauza horiek ere bultzatu egin behar dira, eta Gobernuak bultzatu egin behar ditu. Lanpostu asko galdu dira azken urteetan hemen.
Horrelako erabaki estrategikoak nola hartu beharko lirateke?
Denoi eragiten digun heinean, denok erabaki beharko genituzke. Ze zuk irakurri dezakezu partidu politiko baten hauteskundeetako programa, baina hor ez dator xehe-xehe zer egingo duen. Eta partidu horri bozka ematen diote gipuzkoarrek, arabarrek eta denek. Baina esan nahi dudana da, Busturialdeko jendeari eragiten digu horrek. Geuk erabaki beharko genuke zer egin behar den eta zer ez. Hemen urtean berrehun mila turista ibiltzea... Pila bat etortzen dira azkenengo urteetan, ikaragarria da Gernikan zenbat turista dabilen. Tabernakoek esan zidaten duela pare bat urte, sekula baino pintxo gehiago ari direla ateratzen, turistek pintxo-jana egiten dutelako eta ari direla Gernikako tabernetako barrak bihurtzen Donostiako alde zaharreko barrak. Eta joe, kafea be bai 2,20an dago taberna batzuetan, beste batzuetan bi euroan. Eta esaten duzu "aber, nora goaz"?
Zer garapen eredu ikusten diozu eskualdeari?
Ba ez daukat horren berririk. Adibideren bat ematen badidazu, igual tira dezaket hortik, baina... Ez dakit baserritik gero eta jende gutxiago bizi da. Hori argi ta garbi dago. Ereinon badago hor negutegi batzuk dituzten bikote bat, Gautegiz Arteagan ere badago beste enpresa bat negutegiak eta dauzkatenak, Santana esnekiak ere hortxe daude.... Ez dakit, hiruzpalau. Baina horiek denek asetzen dituzte eskualdeko beharrizanak? Neure zalantzak dauzkat. Hiru aipatu dizkizut, baina lehenengo sektorea hilda dago.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Azpimarratu nahi nukeena da politikariek egin behar dutena dela euren buruari eta euren poltsikoei begiratu beharrean, herritarren ongizateari begiratu. Hemen itota bizi gara eta 34-35-37 urterekin oraindik gurasoen etxean bizi gara. Alokairuak ere mila euroren bueltan daude. Eta norberak bakarrik mila euroko alokairua ordaindu eta gero, zortzirehun euro edo gitxiago askoren kasuan, ba gainontzeko gastuei aurre egiteko... Horrela ezin liteke bizi. Eta horixe.