Zure ustez, zein da gaur egun eskualdearen egoera?
Bueno, imajinatzen dut hori ikuspegi askotatik begiratu daitekeela, ezta? Jende askok aipatzen du langabezia handia dagoela. Nik ikusi dot lehen bazeuden hainbat fabrika Gernikan, kutsakorrak bai, baina lana ematen eben. Berrindustrializazioagatik, itxi egin dira eta beste leku batzuetara joan dira. Hori hustutze bat da. Nik Gernikan ikusi dot hori garbi. Agian Bermeok beste arazo batzuk izango ditu, arrantzarekin lotutakoak. Ez dot hain ondo ezagutzen. Gure artean, Busturialdean, ez daukagu zerbitzu amankomun asko. Bakoitza bere bolara dabil, eta herrien arteko lotura falta da. Gernika betidanik izan da nolabaiteko zentroa, baina asko galdu dau hori. Lehen herri txikietako jende asko biltzen zen Gernikan; orain ez. Horrek Busturialdeko izaera bera galdu dau.
Eta beste gauza bat, oso kezkagarria: itsasadarraren egoera. Kontuan hartuta biosferako erreserba dela eta berrogei urte daramatzagula izendapena lortuta, ezer gutxi egin da hori babesteko. Esango nuke kontrakoa egin dala. Biodibertsitatea jaitsi egin da ikaragarri. Forestalisten jarduera jarraitu da, akuiferoak kutsatzen, eta ez zaio benetako arreta eman. Eta orain, halako proiektuak entzuten ditugu: piszifaktoria bat, portu deportiboa, orain Guggenheim bat —bi, gainera! Ez daukat berbarik. Haserre nago erabat ikuspegi horretatik. Urteetan ikusi dot dena gainbehera doala. Ekosistema bat, altxor moduan zaindu beharko genukeena, kontra egiten diogu behin eta berriz. Harrigarria da.
Turismoari begira, beste erronkarik identifikatzen dituzu?
Nik ez dot ondo ulertzen kontu hau. Museoak, egia da, izan daitezke kultura eragileak, baina, batez ere, turismo erakargarriak dira. Beste herrialdeetara bagoaz, hori ikusten da: museoak turismoarentzako dira. Kultura artistikoa beste modu batera egiten da, isilagoa, sorkuntzarekin lotuagoa. Eta hori ez da hain kaltegarria ekosistemarentzat.
Baina Guggenheim moduko proiektu bat, “a lo grande”, horrek ez dauka zentzurik gure itsasadarrean. Itsasadarra jada egoera txarrean dago. Ezin dugu hartu ehun mila bisitari. Gure ingurunea altxor bat da, eta horri kontra egitea... museo batek kalte egingo lioke. Gernikan jartzea, bueno, hasiera batean ulertzekoa izan daiteke. Baina Muruetan? Paduren erditik zerbait eraikitzea? Ez dauka zentzurik.
Muruetak ez dauzka azpiegiturak horrelakoetarako. Hori esan nahi du: hasiko gara eraikitzen. “Oso amigableak” izango gara, baina benetan “amigablea” izatea da ez ikutzea. Ikusi nahi badugu Urdaibai, pantaila handiak ipini eta bertatik begiratu zer gertatzen den. Horrelako kamera batzuk ipini zuten arrano arrantzalea etorri zenean, eta jende asko hor egon ginen ikusten. Baina inork ez zuen hurbiltzen. Hori da modua.
Garbitu behar da. Dalia eta beste enpresak oso zikinak izan dira. Akuiferoak kutsatuta daude. Dirua hor jarri behar da: ur horiek garbitu, ez museo berriak eraiki.
Zein dira zure ustez eskualdean dauden aukerak?
Ez zait gustatzen beti kontra egotea. Nik gogoratzen dot “Zain dezagun” sortu zenean, Sukarrietan portu bat egin nahi zutelako. Hura ere burugabekeria iruditu zitzaidan. Eta orain, zer egin behar da gainbehera hau gelditzeko? Turismoa? Ez dut uste. Kultura bai, baina erroko kultura. Ez dut ulertzen zergatik ekarri behar den Pollocken artea Gernikara. Bakearen Museoa badaukagu, interesgarria da eta handitu daiteke. Memoriaren Museoa egitea ere egokia izan daiteke Gernikan, bere historia kontuan hartuta.
Astra dago, eraikin interesgarria, eta bertan sorkuntza tailerrak egiteko asmoa zegoen. Baina ez dago diru-laguntzarik eta gutxi egiten da. Gernikatik jende asko doa beste lekuetara lan egitera. Pentsatu behar dugu enplegu mota berriak: sorkuntza eta natura uztartzen dituztenak.
Diputazioa joan da beste biosfera eremuetara ikustera zer egiten den. Zortziehun inguru daude munduan, eta horietako bakar batean ez dago Guggenheim moduko museorik. Zergatik izango da, ezta?
Ez dut nahi jendea naturaren kontra jartzea. Jendeak pentsatzea: “Putada bat da hemen bizitzea, babestuta dagoelako”. Hori arriskutsua da. Oreka bilatu behar da. Basoak mozten ari dira Brasilen interes ekonomikoengatik. Baina hori ez da bidea. Beste modu sostengarriago bat bilatu behar dugu. Zaila da, baina hori da daukaguna, eta horrekin jokatu behar dugu.
Deskribatu duzun egoera honetan, nork irabazten du? Eta nork galtzen du? Aldatuko balitz, nork irabaziko luke?
Egoera honetan danok galtzen dugu. Erakundeek ez dute ezer egin, edo ez dute nahikoa egin. Busturialdea aberastasunaren aldetik azken postuetan dago Bizkaian. Lehen ez zen horrela. Orduan, galera egon da. Gernikako industria joan da, kutsakorra zen, baina lana ematen zuen. Baserritarrak tailerretara joan ziren, eta orain ez dugu ez tailerrik, ez baserririk. Eta ekosistema ere galdu dugu, ez dugulako zaindu. Agian batek edo bik irabaziko dute, baina ekosistemak ez. Presio handia jarriko da inguruan, eta lanpostu horiek ez dira beti duinak. Ez dakit hori den benetan nahi dugun eredua. Beraz, hasi aurretik, eman dizkiguten 40 milioi euro horiekin ur azpiko kutsadura garbitu behar da. Eta gero, astiroago pentsatu, ez “ideia peregrino” horiekin. Joan zaitezte bisitatzera beste lekuak eta kontatu zer ikasi duzuen.